Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren Foro Iraunkorra bildu da, turismoaren arloko aurrerapenak aurkeztu direlarik, baita Urdaibaiko 14 enpresa berrien akreditazioak eman ere

  • Foro Iraunkorra, Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Europako Gutunean parte hartzeko eta eztabaidatzeko organoa, Busturiako Madariaga Dorretxean bildu da gaur, otsailak 23, 2022an egindako ekintzak eta turismo jasangarriaren arloan aurten egingo den Ekintza Plana aurkezteko asmoz.
  • Ekitaldian 14 ziurtagiri berri banatu zaizkie Urdaibaiko turismo-enpresei, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin bat egin baitute.
  • Foro Iraunkorra gaur egun lurraldearen etorkizun jasangarriaz arduratzen den 39 kideko lantaldeak osatzen du.

 

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna (aurrerantzean, TJEG) EUROPARC Federazioaren bereizgarria da, eta turismoaren eta naturgune babestuen arteko bizikidetza egiaztatzen du. Urdaibai Biosfera Erreserbak, TJEGk egiaztatutako gune gisa, partaidetza eta eztabaida-organo bat du. Egitasmo honen barruan Busturialdea-Urdaibaiko gutunari, nahiz sektore turistiko jasangarriari lotutako eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egiteko aukera bermatzen da.

TJEGren Foro Iraunkorreko organoa bildu da gaur, otsailak 22, arratsaldeko 16:00etan Busturiako Madariaga Dorretxean. Bertan, orain arte turismo jasangarriaren arloan landuako ekintzak aurkeztu dira, baita 2023rako Ekintza Plana proposatu ere.

Horrez gain, TJEGera atxikitzen diren 14 enpresa berrien ziurtagiriak emateko ere balio izan du ekitaldiak. Enpresa horiek bat egin dute 2021ean atxiki diren lehenengo 16 enpresekin, guztira 30 izango direlarik oraingo honetan. Atxikitako enpresa berrien artean, ostatuak daude, hala nola,  Etxelaia, Iberreko Errota, Nafarrola eta Angiz. Turismo aktiboko enpresen artea, aldiz, Hegaluze eta Urdailife daude, eta turismoko-ekipamenduen artean: OT Bermeo, OT Gernika, OT Mundaka, Urdaibai Bird Center, BBK Klima eta Ekoetxea Urdaibai. Azkenik, Conservas Arroyabe eta Talleri Barria upeltegia lehen sektoreko enpresak nabarmendu daitezke.

TJEGren Foro Iraunkorra 39 kidek osatzen dute: Urdaibai eskualdeko garapen turistikoarekin konprometituta dauden pertsonak eta erakundeak, enpresak, elkarteak, tokiko garapeneko taldeak eta administrazioak, tarteko. Foro hori ezinbestekoa da Ekintza Plana behar bezala ezartzen dela ahalbidetzeko, bai eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lanean aritzeko ere, iraunkortasuneranzko partaidetza-irizpideetan oinarrituta.

 

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

TJEG egitasmoak turismoaren garapena bultzatzea du erronkatzat, iraunkortasunaren ikuspegitik. TJEG turismo jasangarriaren printzipioak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa aurkezten du,  jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko orientazioa bermatuaz.

Gaur egun 168 dira Europan TJEGri atxikitako zonaldeak,  20 herrialdetan banatuta. Egiaztapen horrek hainbat onura ematen ditu, hala nola,  Europan turismo jasangarriaren arloan bikaintasuneko lurralde gisa bereiztea, garapen sozioekonomiko orekatua sustatzea eta kalitatezko turismo-produktuak garatzea, benetakoak eta ingurunearekin koherenteak direnak. TJEGri atxikiz, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Turismo Helmuga Jasangarri gisa ziurtatu den Euskadiko lehenengo gune babestua izan da.

 

Busturia, 2023ko otsailaren 22a