Cácereseko UNESCO Lurraldeek Urdaibai bisitatuko dute turismo jasangarriaren eredua ezagutzeko

  • Extremadurako erakundeetako eta enpresetako ordezkariek Urdaibai Basque Reserve helmugaren turismo-kudeaketa eredua ezagutuko dute
  • Programak bisita teknikoak, topaketa profesionalak eta ekoturismoari lotutako esperientziak biltzen ditu
  • UNESCO helmugen arteko lankidetzak Urdaibai nazioarteko turismo jasangarriaren erreferente gisa sendotzen du

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bisita tekniko bat hartuko du martxoaren 10ean eta 11n. Cácereseko UNESCO Lurraldeak proiektua osatzen duten lurraldeetako erakunde eta enpresetako ordezkariak turismo-kudeaketa jasangarriaren ereduaren nondik norakoak ezagutzera etorriko dira. Programak topaketa profesionalak, helmugako baliabide estrategikoen bisitak eta ekoturismoari zein tokiko produktuari lotutako esperientziak barne hartzen ditu.

Extremadurako ordezkaritza hogeita hamar arduradun politiko, teknikari eta eragile ekonomikok baino gehiagok osatzen dute, eta honako lurralde hauek ordezkatzen ditu: Monfragüeko Biosfera Erreserba, Tajo Internacional Mugaz Gaindiko Biosfera Erreserba eta Villuercas-Ibores-Jara Geoparkea. Bisitaren helburua Urdaibaik turismo-plangintzan, gobernantzan eta natura-ondarea balioan jartzeko eta kudeatzeko duen esperientzia zuzenean ezagutzea da, bai eta UNESCOk egiaztatutako lurraldeen arteko lankidetza-bideak aztertzea ere.

Ordezkaritzak turismo jasangarriko funtsezko proiektuak ezagutuko ditu Urdaibain

Bi jardunaldietan, ordezkaritzak Urdaibaiko ingurumen-zentro eta baliabide turistiko nagusietako batzuk bisitatuko ditu, hala nola Ekoetxea Urdaibai ingurumen-zentroa, Urdaibai Bird Center eta BBK Klima espazioa; halaber, erreferentziazko kultura- eta ondare-guneak ere ezagutuko dituzte, esaterako Gernika-Lumo.

Topaketa profesionala Madariaga Dorretxean egingo da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendekoa den Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuaren egoitzan. Bertan Urdaibai Basque Reserve helmugaren turismo-kudeaketaren egitura aurkeztuko da.

Joseba Santorumek, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendariak, eta Aitziber Ansotegik, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko gerenteak, parte hartuko dute lurraldeko Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren erakunde sustatzaile gisa, eta helmugaren koordinazio instituzionalaren eta lankidetza publiko-pribatuaren eredua aurkeztuko dute. “UNESCO lurraldeen artean esperientziak partekatzeak aukera ematen digu turismo-eredu orekatuagoetan aurrera egiteko, tokiko nortasunarekin lotuagoak eta ondarearen kontserbazioarekin konprometituagoak”, adierazi du Santorumek.

Halaber, funtsezko hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, turismo-helmugentzako jasangarritasun-tresnak, Basquetourrek sustatutako Euskadiko Ekoturismo Sarea eta Ihobek kudeatutako Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea (Ekoetxeak). Sare horiek helmugaren jasangarritasun-ekosistemaren funtsezko zutabeak dira, eta Extremadurako ordezkaritzarentzat erreferentziazko eredu gisa aurkeztuko dira.

Agenda tokiko produktuari eta lurralde-nortasunari lotutako esperientziekin osatzen da; besteak beste, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitako enpresetara egindako bisitak eta enpresa-elkarteekin topaketak, tokiko sare ekonomikoak turismo-eredu arduratsu bat sendotzeko duen zeregina erakusteko. Jardueren artean gastronomiari eta eskualdeko produktu adierazgarrienetako bati, txakolinari, lotutako proposamenak ere badaude.

Bisita honek Urdaibai sendotzen du UNESCO lurraldeen arteko jardunbide egokien trukerako erreferentziazko gune gisa, eta lankidetza-aukerak zabaltzen ditu turismo arduratsu eta orekatuaren bidez tokiko garapena sustatzeko.