Bermeoko frantziskotarren komentua 1357. urtean sortu zuten Bizkaiko jaunek, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako zaharrena da. Klaustroa, berriz, litekeena da Euskal Autonomia Erkidegoko zaharrena izatea. Klaustroa 1424. eta 1504. urteen artean eraiki zuten, kareharrizko harlanduz, eta dekorazioa, neurri handi batean, borrokan edo ehizan ari diren animalia harraparien bidez kontatutako ikonografiari eskainita dago. Komentuak, azken mendeetan, gorabehera askori egin behar izan zion aurre; esate baterako, gerren ondorioei, desamortizazioei, eta abarri. 1882an, eskola jarri zuten lehen solairuan. 1886an, pisu erreala jarri zuten beheko solairuan, eta udal-epaitegia. Azkenik, 1928an, udal-merkatua komentuaren klaustrora eraman zuten, eta komentuaren irudia izugarri aldatu zen, 1994ra arte; orduan, zaharberritu zuten.