Basondo auzoan, Kortezubiko udalerrian, XVI. mendeko ermita batek egiten die ongietorria Santimamiñeko kobazulorako bisita birtuala ikusi nahi duten guztiei.
Ermita apal horren oinetan sekretu bat gordetzen da (bat baino gehiago, egia esan). 2007ko udaberrian, eta tenplua Santimamiñeko kobaren bisita birtualetarako prestatu aurretik egin zen esku-hartze arkeologikoari esker, ikusi zen ermita honen azpian eta ingurunean Goi Erdi Aroko antzinako eliza bat eta nekropoli bat izan zirela, baita Antzinate Berantiarreko material batzuk ere. Material horiek (borrokarako aizkora bat eta brontzezko kaiku bat, adibidez) egiaztatu zuten ermitak bisigodoen garaiko fase bat izan zuela (VI. mendea). Indusketa egiten ari zirela, koba baterako sarrera agertu zen. Koba horretan, historiaurreko fauna ugari zegoen; besteak beste, errinozeroak.