Txatxarramendi

Txatxarramendi

Txatxarramendi uhartea ingurune etnografiko pribilegiatu batean dago, eta gure historiako gertaera nabarmenetako batzuk gordetzen baititu. 

Antzinarotik hasita, erromatarrek hemengo senadia aukeratu zuten kabotaje-portu txiki gisa, Portuondoko hegoaldean, K.o. II. mendean. Erromatarrek, ziurrenik, Bermeoko portu erromarretik abiatuta, ibaian gora egingo zuten, beste biztanlegune batzuetarantz —Forurantz, adibidez—, eta itsasadarreko merkataritza bultzatuko zuten.  Portuondotik gora itsasadarrean sakonera txikia zegoenez, eta horrek erromatarren merkataritza-ontziei aurrera egitea eragozten zienez, senadi honetan egiten zen lekualdaketa: zamak ibai-gabarretara pasa, itsasadar zaharreko sakonera txikiko meandro bihurrietan gora egiteko

Erreferente turistikoa

Historiaren leihoan hurbilagotik begiratuta, Urdaibai turismo-destino garrantzitsu bat izan zen. 1896 eta 1947 artean, uharteak «Txatxarramendi hotela» hartu zuen: 60 logela, bainuetarako instalazioak, jatetxe ospetsua, ibilaldiak eta itsasoko bainu-lekua. Hotela izan zen trena udalerriraino iristeko arrazoi nagusia. Txatxarramendin hotela irekitzeak eta trenbidea bertaraino jartzeak turismo-eskaintzaren gorakada ekarri zuen; 1919tik 1968ra bitartean Pako ostatua egon zen uhartearen aurrealdean —eskualdeko turismoaren benetako erreferentea—, bai eta itsaski-haztegia ere (1930), Busturiko Itsasbegiko tren-geltokiaren ondoan. Ostatuak ateak itxi zituenetik, itsaski-haztegiaren egoerak okerrera egin zuen eta, hori ikusita, 2002an, Urdaibaiko Galtzagorriak elkarteak hura berreskuratzea erabaki zuen, geroago Txatxarramendiko Itsas Gela bihurtzeko, Busturiko Udalarekin eta Urdaibai-Aixerrekuko natur gidariekin batera kudeatzeko. Informazio gehiago

Uharteak Kanalatik zetorren harea- eta kare-zamaleku bat ere izan zuen, bai eta karobi garrantzitsu bat ere, AZTI Arrantza eta Elikadura Institutua eta Urdaibaiko artadi kantauriarren Parke Botanikoa ezarri arte.

Parke botanikoa

Txatxarramendiko artadia Urdaibaiko artadi zaharrenetako bat da, Txatxarramendi Hotela irekita egon zen bitartean jaso zuen zaintzari esker, neurri handi batean, eta, harrezkero, aldizka egiten diren mantentze-lanei esker. Parke botanikoan nabarmentzekoak dira arte eta gurbitz ale batzuk, bakanak baitira eskualde osoan.

2000. urtean, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Txatxarramendiko parke botanikoa egokitu zuen espezieak interpretatzeko eta identifikatzeko espazio gisa; horretarako, espezieak identifikatzeko plakak eta paisaia eta uharteko balio naturalak eta faunistikoak interpretatzeko panelak jarri zituzten. Nahitaez bisitatu beharreko tokia da, Biosfera Erreserba sakonago ezagutzeko.

25 landare-espezie aurkituko dituzu, gehienak ohikoak artadi kantauriarrean, hala nola artea, ereinotza, gurbitza eta gartxua. Paduretako itsas hegaztiak behatzeko ere oso toki ona da Txatxarramendi, Urdaibai Birding Center bezala. Hegazti hauek ikus daitezke, besteak beste: martin arrantzalea, koartzatxo arrunta, koartza hauskara eta ubarroi handia. Artadi txikian sartuz gero, beste hauek ikusi edo entzungo ditugu, besteak beste: txonta arrunta, amilotx urdina, kaskabeltz handia, zozoa, txantxangorria, erregetxo bekainzuria, arrano sugezalea, etze-txinboa eta txinbo burubeltza.