BI-3234 errepideko errei bat moztu egingo da txandaka pasatzeko Kanala auzoko oinezkoen ibilbiderako obrak direla eta

  • Proiektuaren helburua da Urdaibain oinezkoen konektagarritasunerako azpiegitura berde bat prestatzea. 
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak sustatutako lan hauek 2020 urtean Laga eta Laida hondartzen artean hasitako bide-tarteari jarraipena ematen diote.

Sukarrieta eta Gautegiz-Arteaga udalerrietako Kanala auzoko bide-tartean, BI-3234 errepideko errei bat moztuta egongo da, eta txandaka pasatu ahal izango da, semaforo bidez kontrolatuta, dagoeneko hasita dauden errepide ondoan oinezkoen ibilbidea egokitzeko lanak direla eta. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak sustatutako lan hauek Ibarrangelu eta Kanala artean aurretik egindako lanen luzapenaren ondorio dira, eta apirilera arte luzatuko dira

Jarduketa-ildo honen lorpena Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori garatzen ari da Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua gaur egun, eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Planaren zirriborroan ezarritakoaren arabera:

  • Irisgarritasuna hobetzea hiriguneko nahiz landa-inguruneko biztanleguneetara eta Urdaibai Biosfera Erreserbako kultura- eta natura-intereseko guneetara
  • Estuarioko eskuin-ertzaren paisaia indartzea
  • Intermodalitate-puntu desberdinak konektatzea garraio publikoa sustatzeko

Bide-tarte hau exekutatzean, gaur egungo garraio pribatu masiboaren erabilera gutxituko da, baita atmosferara egiten diren BEG isuriak ere (1.400 t CO2/urte murriztea aurreikusten da). Horren guztiaren ondorioz, klima-aldaketa arindu, eskualdeko biztanleriaren osasuna hobetu eta irisgarritasuna, konektagarritasuna eta mugikortasuna sustatuko dira.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarriaren Estrategia

Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua garatzen ari den Mugikortasun Jasangarriaren Estrategiak –1984an Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zenean ezarritako helburuen betetze-maila eta UNESCOren MaB programaren oinarri diren kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren helburuak lortzeko– helburu hauek ditu: klima-aldaketa arintzea, isuriak murriztuz; Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatzea; oinez edo bizikletaz iritsi ahal izatea eremua osatzen duten gune guztietara; eta ekialdeko eta mendebaldeko muturrak (Elantxobe eta Matxitxakoko itsasargia) konektatzea.

Exekutatutako ekintzak

Azken urteotan oinezkoen 24 kilometro inguruko ibilbideak egokitu dira, eta Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak hainbat esku-hartze osatu eta sustatu ditu Gernika-Lumo ingurunean eta Urdaibaiko eskuin-ertzean:

2010etik 2014ra, “Oka ibaiaren goi-estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektua” landu eta garatu zen. Horrek aukera eman zuen oinezkoentzako ibilbideen sare bat sendotzeko, bi ibaiertzak Forua eta Kortezubiren ingurunean lotzeko eta Gernika-Lumo udalerria goialdeko estuarioko udalerriekin lotzeko.

2010etik 2011ra bitartean, oinezkoen ibilbide batzuk ere egokitu ziren BI-3234 errepidearen ezkerraldean, Ibarrangeluko herrigunearen eta Laga hondartzaren arteko eta Laida hondartzaren eta Kanala auzoaren arteko bide-tarteetan.

2014an, Kortezubiko herrigunearen eta Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Center ekipamenduaren arteko oinezkoentzako ibilbidearen proiektua idatzi zen, eta joan den urtean gauzatu zen.

Azkenik, 2020 urtean zehar, Laga eta Laida hondartzen arteko fasea gauzatu zen.

Busturia, 2021ko urtarrilak 7