Ekoturismoan espezializatutako nazioarteko kazetari talde batek Geoparkea eta Urdaibai bisitatuko ditu

  • Maiatzaren 17tik 21era ibiliko dira inguruko interesgune enblematikoetan, eta lekuko geologia, kultura eta biodibertsitatea ezagutuko dituzte.

Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Urdaibai Biosfera Erreserba bisitatuko ditu Herbehereetako, Irlandako eta Dinamarkako geoturismoan eta turismo iraunkorrean espezializatutako kazetari-talde batek. Press trip hau Espainiako Turismo Bulegoak (Turespaña), Espainiako Ekoturismo Elkarteak, Basquetourrek, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak antolatu dute.

Bidaia honen helburua da Euskal Herrian dugun ondare kultural eta naturala erakustea eta bi toki horietan garatzen diren turismo iraunkorreko ereduak erakustea.

Geoparkean hasiko da bisita

Lehen egunean, Euskal Kostaldeko Geoparkean, Monumentu Multzo izendatua den Mutrikuko Hirigune Historikoa eta Nautilus Interpretazio Geologikoko Zentroa bisitatuko du taldeak. Egun horretan, kazetari taldea Arbe hotelean egongo dira ostatuz. Hotelak biodibertsitatea zaintzeko eta tokian tokiko garapena bultzatzeko konpromisoa dauka.
Hilaren 18an, asteazkenean, goizean, Geoparkearren barrualdean dagoen Lastur haran ezkutura joango dira. Haran itxi bat da, eta bertako urak desagertu egiten dira lurpean, dolina deritzen inbutu moduko formazio handietan zehar. Ondoren, Deba herria eta Santa Maria eliza bisitatuko dute. Goizeko plana amaitzeko, Debako Turismo bulegoan dagoen Geopark Cornerra ezagutuko dute.

Arratsaldean, Sakan bazkaldu ondoren, Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuetako bat egingo dute: oinez eta itsasontziz egiten den irteera geologikoa. Eguna amaitzeko, Txindurriturri sagardotegian afalduko dute sagardotegiko menua. Egun horretan, ingurune pribilegiatuan kokatuta dagoen Santa Katalina ostatuan egingo dute lo.

Geoparkean egongo diren azken egunean, hilaren 19an, Sakonetako geoibilbidea egingo dute. Ibilbide horrek biotopoko alderik ezkutatuen eta ikusgarrienetik egiten du bidea: Sakoneta eta Mendata; eta senadiak, labar erraldoiak, marearteko zabalgune amaigabe bat eta flyschean zizelkatutako mila txoko harrigarriak erakusten ditu.

Ibilbideak Urdaibai Biosfera Erreserban jarraituko du

Maiatzaren 19an, eguerdian, Urdaibaira iritsiko dira, Busturialdeko eskualdean dagoen Euskadiko Biosfera Erreserba bakarrean jarraitzeko eta lurraldeko natura eta kultura-ondarea ezagutzeko. Gonbidatuek izango dituzten turismo-zerbitzuak Turismo Jasangarriaren Gutunarekin bat egiten duten edo hari atxikitzeko prozesuan dauden enpresek bakarrik eskainiko dituzte.

Bere ibilbidea Busturiako Madaixagane jatetxean bertako produktuetan oinarritutako bazkari baten ondoren hasiko da, ondoren Ekoetxea Urdaibai Ingurumen Hezkuntzako Zentroaren erakusketa bisitatuko dute. Arratsaldean, kazetari taldeak Mundakako herria ezagutuko du Urdailifen eskutik eta lehen gaua Bermeoko Atxurra landa hotelean igaro ahal izango dute Berroja upategiko txakolina eta Campos Kontserben produktuak dastatuz.
Maiatzaren 20an, Gernika-Lumo bisitatuko dute, euskal herritar guztientzako sinbolismo eta garrantziaz betetako tokia, demokraziaren eta eskubide historikoen ikur gisa. Eguerdian, Bermeoko itsas herria ezagutuko dute eta Arrain Azokako giroaz gozatzeko aukera izango dute. Esperientzia honetan Arroyabe kontserba-fabrikara egingo duten visita azpimarratu behar da.

Arratsaldean, Urdaibaiko iraganera bidaia egingo dute, Foruko hondakin erromatarretan barrena ibilaldi bat eginez, Nueva Europaren eskutik. Eguna amaitzeko, bisita enoturistikoa eta afaria izango dute Gernika-Lumoko Txakoli Itsasmendi Upategian.

Azken eguna, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzaz gozatzeko gorde da: padurara. Gautegiz-Arteagan kokatzen den Urdaibai Bird Centerrera egingo duten bisitaren bidez, ingurumenari dagokionez balio handia duen eta erreferentea den gune babestu hori ezagutuko dute, Europa mailan hegazti migratzaileentzako atsedenlekua baita. Padurak itsasoari bide emango dio, Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzak lotzen dituen oinezkoentzako bidea egingo dute oinez, Ekobideaken eskutik. Izkira Urdaibaiko itsasontzian Mundakako ibaiaren beste ertzeko ubidea zeharkatu ondoren, estuarioko ikuspegiez gozatuz eta Mundakako Portuondo erretegian bazkalduz emango zaio amaiera bisitari.

 

Busturia, 2022ko maiatzak 17