Urdabaiko 9 enpresa berrik bat egin dute Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin

  • Akreditazio berriak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren azken Foro Iraunkorrean eman dira. Busturiako Madariaga Dorrean gaur egin den jardunaldiak 2023an egindako ekintzak eta 2024rako turismo jasangarriaren arloko Ekintza Plana aurkezteko ere balio izan du.
  • Enpresa berri horiekin, dagoeneko berrogei inguru dira 2021etik TJEGra atxikitako Urdaibaiko enpresak.
  • Foro Iraunkorra gaur egun lurraldearen etorkizun jasangarriaz arduratzen den 39 kideko lantaldeak osatzen du.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren Foro Iraunkorrak urteko azken topaketa egin du gaur goizean Busturiako Madariaga Dorretxean. Bertan, 2023an turismo iraunkorraren arloan landutako ekintzak aurkeztu dira eta 2024rako Ekintza Plana proposatu da ere.
Horrez gain, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera (TJEG) atxikitzen diren 9 enpresa berrien ziurtagiriak emateko ere balio izan du ekitaldiak. Enpresa horiek bat egin dute 2021etik atxiki diren beste 30 enpresekin, guztira 39 izango direlarik oraingo honetan. Atxikitako enpresa berrien artean, ostatuak daude, hala nola, Lurdeia eta Eco Hotel Mundaka. Turismo aktiboko enpresak, Urdaibai Experience eta Noverek. Eta jatetxeak, Almiketxu, Remenetxe, Ardi Beltza, Zallo Barri eta Lezika. Gogoratu behar da, gutunaren III. Fasean, Genuine Euskadi bidaia-agentzia atxikita dagoela.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna EUROPARC Federazioaren bereizgarria da, turismoaren eta naturgune babestuen arteko bizikidetza egiaztatzen duena. Urdaibai Biosfera Erreserbak, TJEGk egiaztatutako gune gisa, partaidetza eta eztabaida-organo bat du. Egitasmo honen barruan Busturialdea-Urdaibaiko gutunari, nahiz sektore turistiko jasangarriari lotutako eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egiteko aukera bermatzen da.
TJEGren Foro Iraunkorra 39 kidek osatzen dute: Urdaibai eskualdeko garapen turistikoarekin konprometituta dauden pertsonak eta erakundeak, enpresak, elkarteak, tokiko garapeneko taldeak eta administrazioak, tarteko.

Foro hori ezinbestekoa da Ekintza Plana behar bezala ezartzen dela ahalbidetzeko, bai eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lanean aritzeko ere, iraunkortasuneranzko partaidetza-irizpideetan oinarrituta.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

TJEG egitasmoak turismoaren garapena bultzatzea du erronkatzat, iraunkortasunaren ikuspegitik. TJEG turismo jasangarriaren printzipioak ezartzeko borondatezko metodo eta konpromisoa aurkezten du, jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei beren estrategiak modu parte-hartzailean definitzeko orientazioa bermatuaz.
Gaur egun 168 dira Europan TJEGri atxikitako zonaldeak, 20 herrialdetan banatuta. Egiaztapen horrek hainbat onura ematen ditu, hala nola, Europan turismo jasangarriaren arloan bikaintasuneko lurralde gisa bereiztea, garapen sozioekonomiko orekatua sustatzea eta kalitatezko turismo-produktuak garatzea, benetakoak eta ingurunearekin koherenteak direnak. TJEGri atxikiz, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Turismo Helmuga Jasangarri gisa ziurtatu den Euskadiko lehenengo gune babestua izan da.

 

Gernika-Lumo, 2023ko abenduaren 14an