Urdaibai Helmuga Ekoturistikoa

Urdaibai Helmuga Ekoturistikoa

Turismoa fenomeno sozial geldiezina da; gero eta gehiago gara oporrak bidaiatzeko baliatzen ditugunak, gure arreta erakartzen duten munduko txokoak ezagutzeko, eta, horretarako, prest gaude denbora eta dirua inbertitzeko. Lan-baldintzak hobetu direnez, turismo egitea gero eta eskuragarriagoa da; horrekin batera, munduko populazioa hazi egin denez, turismoa hazkunde handiena izan duen sektorean dago.

Bidaiatzeko moduen artean, azpimarratzekoa da naturagune babestuak bisitatzeko joera, nabarmen handitu baita (mundu mailan 8.000 milioi bisita inguru, urtean). Euskadiren kasuan, urtean milioi bat bisita inguru egiten dira naturagune babestuetara. Horregatik, Biosfera Erreserba bat denez, Urdaibaik aurrea hartu behar dio fenomeno horri, eta zer turismo-destino izan nahi duen erabaki, turismo arduratsuaren alde eginez, bai ingurumenaren aldetik, bai biztanleen garapen sozioekonomiko jasangarriaren aldetik.

Naturagune babestuetako turismoa ingurumenaren kontserbazioa eta garapen jasangarria batera integratzeko tresnatzat hartu behar da, nahiz eta, horretarako, kudeaketa eta plangintza onen babesa baitezpadakoak diren, tokiko biztanleak eta bisitariak espazioaren balioen eta kontserbazio-beharren inguruan sentsibilizatzen laguntzeko.

Ondo planifikatutako turismoak gaitasuna du tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten diru-sarrerak sortzeko.

Aitzitik, plangintza eta kudeaketa egokirik ez badago, turismoa naturagune babestuaren kalterako izan daiteke, eta epe luzera kostu ekologikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak handiak izan daitezke. Horrek eragin negatiboa izan dezake bisitariaren esperientzian, eta ondorio garrantzitsuak eragin lurralde horien kontserbazioan eta bertan bizi diren biztanleen bizi-kalitatean.

Nahi ez ditugun ondorio horiek saihesteko, Urdaibai Biosfera Erreserbak destino ekoturistiko gisa garatzearen aldeko apustua egin du, azken urteetan zenbait estrategia, jarduketa eta proiektu abian jarriz. Proiektuon artean, EUROPARC federazioaren «Gune Babestuetako Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna» (aurrerantzean, TJEG) azpimarratu behar da, jasangarritasun-helburuengatik, jarduera-eremuagatik eta inplikatutako eragileengatik nabarmentzen baita.

Urdaibai Biosfera Erreserba Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeak datozen bost urteetarako ibilbide-orri bat dakar.

Urdaibai-Busturialdeko estrategia ekoturistikoa

Urdaibaiko turismoa jasangarria izango bada, haren natur eta kultur ondarea babesten lagundu behar du, bai eta bertako biztanleen garapen sozioekonomikoa bultzatzen ere. Garatu nahi den turismoa ekoturismoaren printzipioetara bideratuko da, hau da, ingurumenarekin, gizartearekin eta ekonomiarekin arduratsua den turismo batera, turismo etiko batera, zeinak zutabe hauek dituen:

  • UBEko natur eta kultur ondarea babestea, zeregin horretan turistak eta enpresa turistikoak inplikatuz.
  • Tokiko negozioen parte hartzea (ostatuak, jatetxeak, nekazaritzako elikagaien enpresak, tokiko merkataritza, etab.), tokiko hornitzaileekin eta produktuekin (0 km-ko ekoizpen-kontsumoaren sustapena), garapen endogenorako aukerak identifikatuz.
  • Garapen jasangarriari, ongizateari eta ingurumen-osasunari laguntzea, tokiko biztanleen osasunaren mesedean.
  • Turistaren eta enpresa turistikoen erantzukizuna (turismo arduratsua pertsona arduratsuentzat).
  • Bisitatzen den ingurunea ezagutzeko eta interpretatzeko hezkuntza-esperientzia bat bizitzea.
  • Baliabide ez-berriztagarrien kontsumo oso txikia.
  • Turismo-edukieraren muga errespetatzea (fisikoa, ekologikoa, psikologikoa eta soziala). Esan nahi baita tokiko gizarteak eta ingurumenak nahikoa gaitasun izan behar dutela turismoa modu jasangarrian hartzeko, haren eragina moteltzeko eta hartaz onura ateratzeko.

Urdaibai-Busturialdeko turismo jasangarrirako helburu nagusiak

  1. Urdaibai-Busturialdea helmuga turistiko gisa aitortu eta kokatu, bisitariei kalitate handiko esperientzia bat eskaintzeko.
  1. Herritarrak inplikatu, turismo jasangarriarekin lotura izan dezaten eta tokiko ekonomia indartu dadin. .
  2. Produktu turistiko bikainak finkatu, kalitatezko bisitariak erakartzeko.

Biosfera Erreserba Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko prozesua

Urdaibai TJEGri atxikitzeko behar diren dokumentuak egiteko, laguntza-talde hauek izan ditugu:

  • Mahai teknikoa:  Aholkularitza teknikoa.
  • Lantaldea: TJEGren lantaldea koordinatzea eta dinamizatzea. Lantaldea lurraldeko turismoko eragile nagusiek osatzen dute.
  • Foro Iraunkorra: Parte hartzeko eta eztabaidatzeko organoa da, aukera ematen duena TJEGren esparruan jarduerak egiten dituen sektore turistikoarekin lotutako eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egiteko. Organo hori Urdaibai-Busturialdea eskualdeko 39 kidek, pertsonak eta erakundek osatzen dute: enpresak, enpresaburuen elkarteak, tokiko garapen-taldeak, administrazioak…, bakoitzak maila diferente batean. Foro hau funtsezkoa da Ekintza Plana behar bezala ezartzen dela bermatzeko, bai eta lurraldeko turismoaren garapenean koordinatuta lan egiteko ere, jasangarritasunerako partaidetza-irizpideetan oinarrituta.