Paradisu natural honen erdigunea Oka ibaia da. Berau, estuarioa bihurtzen da Kantaurian itsasotatu baino lehen. Hala, animalia- nahiz giza- bizitzaz beteriko paisaia ikusgarria sortzen da. Urdaibai muino txikiz inguratutako paduraz osatuta dago eta 23.000 hektarea inguru hartzen ditu; hegoaldean Oiz mendia du muga; ekialdean, Arbolitz punta, eta mendebaldean Matxitxako lurmuturra. Eremua iparraldetik ixteko, Izaro uharte polita dugu. Bere aberastasun naturalaz gain, Urdaibai historiaz beteta dago, 15.000 urtez Urdaibai Biosfera Erreserba moldatu duten 22 udalerritan sakabanatutako 45.000 biztanleen ekarpenei esker.
Herri mugimenduei esker baita, UNESCOk izendatu zuen Biosfera Erreserba. Urdaibai, aurreko mendetik zetorren dinamika garatzaileari jarraituz, 1968an, garai hartako Bizkaiko Diputazio Probintzialak “Mundakako itsasadarra ustiatzeko Plan Berezia” izeneko proiektua agindu zuen, Gernika eta Mundaka arteko lurrak lehortu eta urbanizatzeko proiektu erraldoia zen hura. Gertakari honek hain zuzen, eskualdeko bizilagunak batu zituen, Urdaibaiko itsasadarreko ekosistemen suntsipenari aurre egiteko.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 1984an, Oka ibaiko bailara osoa MaB programan sartzeko proiektua aurkeztu zuen UNESCOn. Urte horren amaieran bertan, Biosfera Erreserba izendatu zuen UNESCOk, eta Urdaibai izena jarri zitzaion.
Aipatzekoa da gaur egun arte Urdaibai Biosfera Erreserba dela lege propioa duen Biosfera Erreserba-bakarra: 1989ko uztailaren 6an, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Babes eta Antolamendurako 5/1989 Legea, onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horren bidez, araubide juridiko berezia ezarri zitzaion landa eremuari eta baita han egiten diren zenbait jarduerei.